viernes, 4 de noviembre de 2011

Jolasen ezaugarriak!!

Haur jolasa zazpi ezaugarrien arabera definitzen da:
PLAZERRA: Jolasa definitzen duen lehenengo ezaugarria plazerra da. Gehienetan, kitzikapena dakar eta poz zeinuak sorraraztenditu, baita algarak ere. Baina, pozik sortzen ez badu ere, jarduera hori beti baikor hartzen du jolasean dabilenak. Gogobetetzea, gozamena eta aurkikuntza dakarzkio haurrari. Oso bestelako plazerrak sortzen ditu; izan ere, jolas mota bakoitzak hainbat plazer mota sortzen dizkio haurrari: eragile izatearen plazerra, eraginak sortzeko plazerra,...
PROZESUA: Jolasa, ororen gainetik, prozesu bat da, amaierarik gabeko xedea. Jolasa bera gauzatzea da jolasaren helburua; barne motibazioak ditu, ez du kanpoko zede edo helbururik.
Bereziki "prozesua" da, nahiz eta haurrak, dena ondo amaitzen saiatzen diren. Izugarrizko garrantzia ematen diote horri, jolasaren produktuak autoestimu sortzaile baitira beraientzat.
SERIOTASUNA: Seriotasun kontzeptua ez da helduok ulertzen dugun modukoa, ez da eraginkorrarekin eta emaitzak erdiestearekin lotzen dugun seriotasuna. Haurrentzat, jarduera bakartzat jolasa duenarentzat, jarduera serioa da jolasa, izan ere, bertan, erabiltzen ditu bere baliabide eta ahalmen guztiak. Jolasa erabateko inplikazioa eskatzen dio. haurrak bertan finkatzen du bere izaera, eta hor ondo egindako gauzekin hazten da haurra. Serioa da, haurren nortasunarentzako proba bat delako, autoestimua areagotzen zaiolako eta haurraren nortasuna finkatzeko bide bat delako.
ASKATASUNA: Jolasa askatasun esperientzia bat da; izan ere, jolasaren ezaugarri psikologiko nagusia da hautatzeko askatasunean oinarritzen den egoera psikiko baten gainean egiten dela. Borondatezko jarduera da jolasa, askatasunean erabakia, eta ez du onartzen kanpotik derrigortzerik. Haurrak askea izan behar du, nahi duen erara jarduteko.
jolasteko, haurrak pertsonaiaren jarrera egokitu behar du eta jolasa taldekakoa denean, jolaserako arauak bete beharko ditu.
EKINTZA: Ekintza eta parte-hartze aktiboa eskatzen duen jarduera da jolasa. Egitea da jolasa, eta beti eskatzen du jolasten ari denaren parte-hartze aktiboa.
FIKZIOA: Jolastea errealitatea balitz bezala aritzea da, baina fikzioa dela kontuan izanda. Jolasaren ezaugarria ez da jarduera bera, pertsonak jarduerari begira duen jarrera baizik. Fikzioak errealitatearen aurkaritza adierazten du, eta haurrak egoera errealak inposatzen dizkion betebeharretatik ihes egin dezake: bere arau eta erregelen arabera jarduteko aukera izango du, berak bere buruari jarri, eta gogo onez onartu eta betetzen dituenak.
AHALEGINA: Argi ikus dezakegu haurrak ahalegin handia egin behar izaten duela jolasean. Batzuetan, jolasak energia handia erabilarazten die haurrei, derrigorrezko zereginetarako behar dena baino gehiago. Jolas ugariak oso arau gogorrak izaten dituzte, eta izugarri nekarazten dute.
Jolasaren eraginez, haurra izugarrizko ahalegina egitera, jarraitzera edo kontzentratzera beharturik egon daiteke. Dena den, jolasa izateko eta haurrek goza dezaten, oso garrantzitsua da zailtasunak gainditu behar izatea; zailtasunik izan ezean, laster aspertzen baitira.

viernes, 28 de octubre de 2011

Ondo pasatzea eta ikastea aldi berean!!

Kaixo berriz lagunok!!

Jolasak oso baliagarriak dira hezkuntzan.Beraiekin psikomotrizitatea landu ez ezik hainbat ikasgaietako edukiak jorratu ditzakegu ikaskuntza fazilagoa izan dadin. Hemen uzten dizuedan bideo honetan ikus daiteke geometria dirudien baino errazagoa dela.Ikaskuntza ez da aspergarria izan behar, ondo pasatu dezakegu ikasten.Hau esanda...

ONDO PASA IKASTEN!!


lunes, 24 de octubre de 2011

Non jolastu?

Jolasak duen garrantzia ezin da alde batera utzi haur eta gaztetxoen garapenerako baliagarria den neurrian; jolasa haurraren bizitzari atxikirik dago. Jolas egiteko, ordea, leku egokiak behar dira. Edozein gune bihur liteke jolasleku, baina jolas egoki batek espazio egokia behar du, batez ere, jolasteko gogoa bizkortuko duena.

Azken urteetan, gizartearen baitan eta hirigintza arloan izan diren aldaketek, haurrek jolas egiteko dituzten espazioetan ere aldaketa ugari eragin dituzte, jolaserako gune berriak sortuz eta klasikoak definituz. Ikus dezagun zer espaziotan jolasten duten gure haurrek.


Ludotekak
Gaur egun, kaleak dakarren arriskuari aurre egin nahian, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira ludotekak. Funtzio hezitzailea duten zentroak dira eta haurrari jolasteko aukera emateaz gainera, beste haur batzuekin harremana izateko aukera ematen diote.

Ludotekari buruzko definizioren bat ematekotan, Kataluniako ludotekarien elkartearena har daiteke oinarri; ‘Jolasa eta jostailuak tresna gisa hartuta, heziketa proiektu zehatza duen zentroa da, profesional talde finko batek zuzentzen duena. Ludotekak helburu ludikoa du eta zerbitzu publikoa eskaintzeko borondatea. Jostailua izango du tresna nagusi’. Kataluniako ludotekarien elkartearen arabera, umeari bere gaitasun ludikoak garatzea ahalbidetuko dioten esperientziak ematera bideratu behar da ludotekako hezitzaileen lana, heziketa proiektu pedagogiko zehatz baten bidez. Horretarako, jostailu eta jolasak erabiliko dira tresna moduan. Garrantzitsuena jolas librea da, eta zuzendutako ekintzek alderdi ludikoa hartu behar dute kontuan.

Ludoteken funtzio nagusia haurrek jolas egiteko duten eskubidea bermatzea da, horren baitan beste funtzio batzuk ere betetzen dituzte:

Funtzio hezitzailea: Jolasa ikasteko bidea da eta ludotekak horretaz baliatzen dira pertsonaren heziketa bultzatzeko.

Funtzio sozio-ekonomikoa: Jolas egiteko aukera ematen dute, material ludikoa, lekua eta lagunei dagokienez.

Komunitate funtzioa: Umeak beste batzuekin harremanetan egonik, inguruneko partaide sentitzen dira.

Ikerketa funtzioa: Jolaserako materialaren azterketa egiten da, horren kalitatea zainduz.

Ludotekak, jolasteko, atsegin hartzeko eta, bide batez, besteekin harremana izateko eta komunikatzeko leku aproposak dira; profesionalen begiradapean betiere, gurasoen lasaitasunerako.

Eskolan edo haurtzaindegian
Eskoletako jolastokiak beti izan dira jolaserako gune garrantzitsua, baina ikasgelan ere gero eta jostailu gehiago egoten da. Haurren interesei edota eskola ziklo horretako heziketa helburuei egokitzen zaion edozein jostailu sar liteke ikasgelan. Inguruaren ezagutza errazten duten baloiak, panpinak, autoak… topa ditzakegu haur hezkuntzako ikasgeletan, lengoaiaren edo kalkulu mentalaren aspektuak indartzen dituztenak lehen hezkuntzakoetan, eta bigarren hezkuntzako geletan, simulazio historikoa edo logika matematikoari dagozkion jolasak eta estrategia jolasak aurki ditzakegu.

Ez da ahaztu behar eskola balio handiko tresna dela jolas tradizionalen bitartez herri kultura helarazteko.

Kalean

Kalea jolaserako ohiko lekua izan da urte askoan zehar, baina, hiri eta herrietako plangintzak ez du beti behar ludiko hau kontuan hartu, eta nabarmen mugatu ditu haurren aukerak. Jolaserako diseinatutako espazioek (parkeek, lorategiek, paseoek…) heldu zein txikien parte hartzea izan behar dute kontuan, baita haur minusbaliatuen integrazioa ere, horiei jolaserako baliabideak emanaz. Guraso eta hezitzaileen aldetik, berriz, haurrei prebentzio eta segurtasun ohiturak erakustea komeni da.

Kalean jolasteko guneek mugimendurako, espazioaren kontrolerako eta taldean jolasteko gonbita egiten dute. Pilota, patinak, bizikleta edota sokasaltoan ibiltzeko gune ezin hobea da kalea.

Etxean

Etxea da jolaserako leku tradizionala, eta gaur egun, aire librean dauden espazioak murriztu direnez, garrantzi handiagoa hartu du. Etxean jolasteak, helduengandik hurbil, jostailuak zaintzeko eta erabiltzeko ohitura positiboak helarazteko aukera ematen du. Haurrak etxean beste haur batzuekin jolasteko aukera baldin badu, prozesua bera aberastu egingo da.

Ohikoa da etxean jolastean, haurrek beren logelan jolastea. Espazio hori segurua izan dadin, jostailuak leku egokian jaso beharko dira. Adibidez, kamioiez betetako kutxa handi batek, haurra era oldarkorrean jolastera bultzatuko du, guztia hustuko du nahi duena topatu arte, eta gero, denak bata bestearen gainean, pilatuta, gordeko ditu. Aldiz, kaxa txiki batean sartu edo gelako lurraren zati bat ‘kamioi aparkaleku’ bihurtzen badugu, errespetu eta sormen handiagoz jolas egiteko aukera emango diogu.

Kontuan izan behar dugu, jostailu askoren pilaketak, jolasa bultzatu baino, oztopatu egiten duela. Kasu honetan hainbat jostailu umeak ezin eskuratu dituen tokian gorde ditzakegu, eta eskura dituenak aldatzen joan.

Haurrek gustuko dute helduen ondoan jolastea eta, sarritan, beraien gela ez ezik, etxe osoa hartzen dute beraientzat. Arriskurik gabeko espazioak moldatzea, garrantzitsua da, beraz. Etxearen dimentsio eta ezaugarriek ere, jolasa mugatuko dute.

viernes, 21 de octubre de 2011

Zer da jolasa?

Kaixo irakurle maiteok!!

Gai hau sakondu aurretik nik uste dut garrantzitsua dela oinarrizko ideia bat jasotzea, horregatik uzten dizuet testu hau. Hemen nahiko ondo azaltzen da zer den jolas bat, zein gaitasunak lantzen dituzten umeek jolasen bitartez,... eta beste hainbat gauza. Espero dut zuen gustokoa izatea.

Zer da jolasa?

Jolasa, haurraren berezko bide naturala da giza garapena ahalbidetzen duten hainbat prozesu kognitibo, gorputzarenak, afektuzkoak eta sozialak abian jartzeko. Umeek jolasa behar dute ikasteko.
Zaila da jolasa zer den definitzea, baina jolas portaerak halakoak ez direnetatik ezberdintzeko aukera ematen duten elemantu bautzok aipa daitezke:
-Jolasa era askean eta berez sortzen da, jolasetatik at dauden interesen edo pertsonen eraginik gabe.
-Gozamena eragiten du berez. Ametsetan antzeko funtzioa betezen du, nahiak gauzatzeko mekanismo bezala.
-Jolas portaerak antolaketa berezia dauka, ez dago ezaugarri erasokorrik, aurpegi irribartsuak, mugimendu zehatzak.
-Poztasuna gauzatze berak eragiten du. Lotura dauka instituzko mekanismoekin, ikasi behar ez diren arauen araberakoa, berez sortzen direnen araberakoa dela dirudielako.
-Jolasa pertsonak jardueraren aurrean duen barne jardueraren arabera definitzen da, eta ez kanpoko jarduera edo errealitatearen arabera.
Umeek, jolasaren bidez, zentzuak (ukimena, ikusmena, entzumena,...) garatzen dituzte, pertsonak ezagutzen ikasten dute, besteekiko portaera eta errespetu-ohiturak berrenganatzen dituzte, irudimena eta fantasia lantzen dute, oroimena lantzen dute, eta abar. Jolasei esker, inguruarekin komunikatzen ikasten dute.

viernes, 30 de septiembre de 2011

Aupa lagunok!!

Hau nire blog berria da.Gaur bertan sortu dut eta laster hasiko naiz artikuluak igotzen zuek irakurtzeko aukera izan dezazuen.Goratuko ditudan idazkiak lehen hezkuntzaren ingurukoak izango dira eta zuen gustokoak izan daitezen espero dut.

Besterik gabe,Sergio