lunes, 24 de octubre de 2011

Non jolastu?

Jolasak duen garrantzia ezin da alde batera utzi haur eta gaztetxoen garapenerako baliagarria den neurrian; jolasa haurraren bizitzari atxikirik dago. Jolas egiteko, ordea, leku egokiak behar dira. Edozein gune bihur liteke jolasleku, baina jolas egoki batek espazio egokia behar du, batez ere, jolasteko gogoa bizkortuko duena.

Azken urteetan, gizartearen baitan eta hirigintza arloan izan diren aldaketek, haurrek jolas egiteko dituzten espazioetan ere aldaketa ugari eragin dituzte, jolaserako gune berriak sortuz eta klasikoak definituz. Ikus dezagun zer espaziotan jolasten duten gure haurrek.


Ludotekak
Gaur egun, kaleak dakarren arriskuari aurre egin nahian, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira ludotekak. Funtzio hezitzailea duten zentroak dira eta haurrari jolasteko aukera emateaz gainera, beste haur batzuekin harremana izateko aukera ematen diote.

Ludotekari buruzko definizioren bat ematekotan, Kataluniako ludotekarien elkartearena har daiteke oinarri; ‘Jolasa eta jostailuak tresna gisa hartuta, heziketa proiektu zehatza duen zentroa da, profesional talde finko batek zuzentzen duena. Ludotekak helburu ludikoa du eta zerbitzu publikoa eskaintzeko borondatea. Jostailua izango du tresna nagusi’. Kataluniako ludotekarien elkartearen arabera, umeari bere gaitasun ludikoak garatzea ahalbidetuko dioten esperientziak ematera bideratu behar da ludotekako hezitzaileen lana, heziketa proiektu pedagogiko zehatz baten bidez. Horretarako, jostailu eta jolasak erabiliko dira tresna moduan. Garrantzitsuena jolas librea da, eta zuzendutako ekintzek alderdi ludikoa hartu behar dute kontuan.

Ludoteken funtzio nagusia haurrek jolas egiteko duten eskubidea bermatzea da, horren baitan beste funtzio batzuk ere betetzen dituzte:

Funtzio hezitzailea: Jolasa ikasteko bidea da eta ludotekak horretaz baliatzen dira pertsonaren heziketa bultzatzeko.

Funtzio sozio-ekonomikoa: Jolas egiteko aukera ematen dute, material ludikoa, lekua eta lagunei dagokienez.

Komunitate funtzioa: Umeak beste batzuekin harremanetan egonik, inguruneko partaide sentitzen dira.

Ikerketa funtzioa: Jolaserako materialaren azterketa egiten da, horren kalitatea zainduz.

Ludotekak, jolasteko, atsegin hartzeko eta, bide batez, besteekin harremana izateko eta komunikatzeko leku aproposak dira; profesionalen begiradapean betiere, gurasoen lasaitasunerako.

Eskolan edo haurtzaindegian
Eskoletako jolastokiak beti izan dira jolaserako gune garrantzitsua, baina ikasgelan ere gero eta jostailu gehiago egoten da. Haurren interesei edota eskola ziklo horretako heziketa helburuei egokitzen zaion edozein jostailu sar liteke ikasgelan. Inguruaren ezagutza errazten duten baloiak, panpinak, autoak… topa ditzakegu haur hezkuntzako ikasgeletan, lengoaiaren edo kalkulu mentalaren aspektuak indartzen dituztenak lehen hezkuntzakoetan, eta bigarren hezkuntzako geletan, simulazio historikoa edo logika matematikoari dagozkion jolasak eta estrategia jolasak aurki ditzakegu.

Ez da ahaztu behar eskola balio handiko tresna dela jolas tradizionalen bitartez herri kultura helarazteko.

Kalean

Kalea jolaserako ohiko lekua izan da urte askoan zehar, baina, hiri eta herrietako plangintzak ez du beti behar ludiko hau kontuan hartu, eta nabarmen mugatu ditu haurren aukerak. Jolaserako diseinatutako espazioek (parkeek, lorategiek, paseoek…) heldu zein txikien parte hartzea izan behar dute kontuan, baita haur minusbaliatuen integrazioa ere, horiei jolaserako baliabideak emanaz. Guraso eta hezitzaileen aldetik, berriz, haurrei prebentzio eta segurtasun ohiturak erakustea komeni da.

Kalean jolasteko guneek mugimendurako, espazioaren kontrolerako eta taldean jolasteko gonbita egiten dute. Pilota, patinak, bizikleta edota sokasaltoan ibiltzeko gune ezin hobea da kalea.

Etxean

Etxea da jolaserako leku tradizionala, eta gaur egun, aire librean dauden espazioak murriztu direnez, garrantzi handiagoa hartu du. Etxean jolasteak, helduengandik hurbil, jostailuak zaintzeko eta erabiltzeko ohitura positiboak helarazteko aukera ematen du. Haurrak etxean beste haur batzuekin jolasteko aukera baldin badu, prozesua bera aberastu egingo da.

Ohikoa da etxean jolastean, haurrek beren logelan jolastea. Espazio hori segurua izan dadin, jostailuak leku egokian jaso beharko dira. Adibidez, kamioiez betetako kutxa handi batek, haurra era oldarkorrean jolastera bultzatuko du, guztia hustuko du nahi duena topatu arte, eta gero, denak bata bestearen gainean, pilatuta, gordeko ditu. Aldiz, kaxa txiki batean sartu edo gelako lurraren zati bat ‘kamioi aparkaleku’ bihurtzen badugu, errespetu eta sormen handiagoz jolas egiteko aukera emango diogu.

Kontuan izan behar dugu, jostailu askoren pilaketak, jolasa bultzatu baino, oztopatu egiten duela. Kasu honetan hainbat jostailu umeak ezin eskuratu dituen tokian gorde ditzakegu, eta eskura dituenak aldatzen joan.

Haurrek gustuko dute helduen ondoan jolastea eta, sarritan, beraien gela ez ezik, etxe osoa hartzen dute beraientzat. Arriskurik gabeko espazioak moldatzea, garrantzitsua da, beraz. Etxearen dimentsio eta ezaugarriek ere, jolasa mugatuko dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario